XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina haien ekologiaren arabera hiru talde handitan sailka daitezke: epigeoak, endogeoak eta anezikoak.

Epigeoak, izenak dioen bezala (epi: gain, geo: lur) lur-azalean pilatzen diren material organikoetan bizi dira, hots, enbor idorretan, azienden gorotzetan, horbelean, etab.

Klimaren gorabeheren eta harraparien mende egoteagatik zenbait moldaera bilakatu behar izan dituzte: batetik, homokromia deiturikoa, hau da, inguruaren kolore berdina hartzea.

Honek harrapari posibleen aurkako kamuflaia eraginkor gisa jokatzen du.

Bestetik, lehorketaren aurkako kuskuak eratzeko gaitasuna eta azkenik, hau garrantzizkoena, ugalketa azeleratua; ondorengo ugari edukiz eta sarri ugalduz harrapariek sortzen dizkieten galerak azkar konpentsa ditzakete.

Zizare bi ernalketan (Enchytraens albidus). Zizaren baten zulo geninal arra, 12. eraztunean dagoena, bestearen zulo geninal emearen, 4. eta 5. eraztunen artean dagoena, parean jartzen da.

Bigarren taldekoek, hau da, endogeoek lurzoru barnean bizi direnez ez dute pigmentu beharrik; materia organikoarekin nahasitako lurrez elikatzen dira.

Europako lurzoru emankorren biomasaren 20-50a osatzen duen talde hau oso heterogeneoa da eta horregatik beste hiru sailetan banatu ohi dira: origohumikoak, materia organiko gutxi duten lurrez elikatzen direnak eta ohizko lurzoruaren geruza sakonenetan egoten direnak; mesohumikoak, lur halaholako aberatsetan eta azaleko estratuetatik hurbil bizi direnak; polihumikoak, txikiak eta hari-formakoak, gainazaletik gertu eta sustraien inguruan oparoak izaten diren partikula organikoak irensten dituztenak.

Hiru mota hauetatik lehenengoak dira kanpotiko erasoetaz babestuenak: zenbat eta sakonago bizi are eta babestuago egoten bait dira.

Lunbrizido anezikoak zizare handi samarrak dira, galeria bertikalak industen dituzte eta zuloaren sarreratik guztiz atera gabe lurzoruko hondakinak herrestan ekartzeko ohitura dute, gero, sakoneko lurrarekin nahasirik, zulo barnean irensteko.

Hauek dira lur gainean tarteka ikusten ditugun lur-pilaketen egileak.

Tipo ekologiko honek oso paper garrantzizkoa jokatzen du lurraren garraio bertikalean geruza sakonetako lurra azaleratzen duelako eta, bidenabar, lurzorua aireztatu eta homogeneizatu egiten duelako: liseri-hoditik igarotako partikulak ezin dute diametroz liseri-hodia baino handiagoak izan eta horregatik uzkitik ekoiztutako partikula guztiak tamaina berberekoak izaten dira.

TIPO ekologikoen arteko baliabide-banaketa

Klimak, lurzoruak, faunak eta landaredi-motak moldatzen dute eskualde edo eremu bateko lunbrizidoen banakera eta kopurua.

Lehen aipatu ditugun zizare-tipoen artean baliabide banaketa bat ematen dela esan daiteke: zona epeletan landareak udara-udazkenetan hiltzen dira eta hezetasun-baldintzak egokiak badira lur-zizare epigeoek eta batez ere anezikoek haien hondakinak hustiatzen dituzte.

Horbela samurra eta usteltze azkarrekoa denean aneziko ugari egoten da eta beraz materiala berehala geratzen da lurperatua.

Baina hostoak gogorrak eta jarkikorrak izaten direnean zenbait anezikok beren galeriatan sartzen dituzte, non mikrobioen eragina jasaten bait dute eta ondoren, jadanik bigunduta, zizareek erraz irentsi eta asimila ditzakete.

Baina hostoak inola ere irentsi ez daitezkeen kasuetan, zizare hauek lehen ugariak baziren ere desagertu egiten dira.

Hau, esaterako, hostozabalak zeuden leku batean koniferoak aldatzen badira gertatzen da, zuhaitz hauen azikulak irentsgaitzak direlako zizareentzat.

Epigeoak, aurrekoak baino oportunistagoak izanik, anezikoek uzten dizkieten pilaketa organikoetan bizi dira eta anezikoak oso ugariak badira suntsitzeraino iritsi daitezke.